ebeteren bidez haurren eta gazteen hizkuntza-ohituretan eragiteko baliabideak eta tresnak garatzea eta frogatzea bilatzen dugu. Horri begira, gurasoekin, irakasleekin,  eskola orduz kanpoko jardueretako hezitzaileekin eta gazteekin lan egiten dugu.

Urtero irakasleekin formazio saio ugari egiten ditugu:

  • Adin ezberdinetako ikasleen irakasleekin: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza.
  • Testuinguru soziolinguistiko ezberdinetakoekin: arnasguneetatik testuinguru erdaldunenetara.

2014-2015 ikasturtean, adibidez, 35 ikastetxetan eman ditugu formazio edo jarraipen saioak: Barakaldo, Gasteiz, Orio, Bilbo, Donostia, Laudio, Deba, eta abar.

Beraz, irakasleen beharrei erantzunez, ikasleen eta testuinguruaren ezaugarrietara egokitutako tresnak eta baliabideak eskaintzen ahalegintzen gara. Beharrak erantzun nahi horretan, urtez urte gero eta bide eta tresna gehiago landu ditugu eta horretan jarraitzen dugu.

Gurasoen arloa ebeteren sorreratik oinarri nagusienetako bat da. Hasiera hasieratik guraso euskaldun zein erdaldunentzat hitzaldiak eskaini izan ditugu eta horretan jarraitzen dugu. Urtero 50 hitzaldi baino gehiago egiten ditugu herri eta ikastetxe ezberdinetan. Horretaz gain, gaur egun Gurasoen Batzordeei begirako aholkularitza ere eskaintzen dugu: Bergaran, Soraluzen, Elgoibarren… Hainbat guraso arduratuta daude seme-alaben hizkuntza-ohiturekin, eta guraso horiei aholkularitza eskaintzen diegu elkartu daitezen, hizkuntza-ohituren oinarrian zer dagoen ulertu dezaten eta bide horretan lan egin dezaten.

Eskola orduz kanpoko jardueretako hezitzaileekin ere lan egiten dugu: kirola, musika, jantokia, aisia… Bi bidetatik lan egiten dugu: formazio saioak eskainiz hezitzaileei eta hitzarmengintzako programak sustatuz eta aholkularitza eskainiz erakunde eragileei. Azken urteetan formazio saioak egin izan ditugu, adibidez, Gasteizen, Bergaran, Erandion, Agurainen, eta abar. Hitzarmengintzako programak sustatzen ari gara, berriz, Elgoibarren, Erandion, Arabar Errioxan, eta abar.

Gazteen kasuan, orain arte nagusiki irakasleen bidez gazteen jarreretan eragiteko proiektuak garatu izan ditugu (Laudion, Gasteizen, Lezon, Aretxabaletan…). Gaur egun, bide berriak garatzen ari gara: gazteen hizkuntza-ohiturei begira gazteak beraiek eragile izatea helburu moduan hartu, eta hori bideratzera begira aholkularitza eskaintzen diegu Udal, ikastetxe, Guraso Elkarte eta Euskara Elkarteei. Horretan ari gara, adibidez, Bergaran, Elgoibarren eta Galdakaon. Gainera, datozen urteetan garapen handia izango duen arloa dela aurreikusten dugu.