Haurren eta gazteen euskararen erabileran eta hizkuntza-ohituretan eragiteko baliabideak eta tresnak frogatzeko eta garatzeko helburuarekin sortu nuen ebete. Arlo horretan aritzen diren eragileei tresna praktikoak eta eraginkorrak eskaintzea da ebeteren helburua.

Horri begira, hainbat lan egiten ditugu: ikastaroak, formazio saio puntualak, aholkularitza, gidak, hitzaldiak, eta abar.

Baliabide eta tresna praktikoak lantzea da helburua, eta horiek eragileei aurkeztea eta frogatzera gonbidatzea. Horretarako, azken urteetan agertzen ari diren azterketak eta ikerketak oinarri hartu eta horiek eguneroko errealitatera egokitzeko ahalegina egiten dugu.

Gaur egun lau arlo nagusitan ari gara lanean: irakasleak, gurasoak, hezitzaileak eta gazteak.

Irakasleak arduratuta daude ikasleen euskararen erabilerarekin, gaitasun komunikatiboekin eta euskararekiko jarrerekin. Gai horien inguruan baliabideak eta tresnak landu ditugu eta horretan jarraitzen dugu. Horiek guztiak irakasleei eskaintzen dizkiegu formazio saioen bidez eta jarraipen saioen bidez.

Gurasoak euskararekiko jarrera aktiboak izatea beharrezkoa da haurren eta gazteen hizkuntza-ohiturei begira. Horren inguruan bide ezberdinak garatzen ahalegintzen gara:

– batetik, hitzaldien bidez gurasoei mezu egokiak eskaintzea eta gurasoen kezkak erantzutea.

– bestetik, aholkularitza eta formazio saioen bidez euskararekiko arduratuta dauden gurasoei baliabideak eta tresnak eskaintzea.

Eskola orduz kanpoko jardueren gaia gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari da haurren eta gazteen euskararen erabilera indartzea helburu duten eragileentzat. Arlo honetan hezitzaileentzat euskararen erabileran eragiteko tresna praktikoak garatzen ahalegintzen gara, eta horrekin batera hezitzaileentzat formazio saioak ere eskaintzen dira jardueretan erabilera sustatzearen garrantzia barneratu dezaten eta hori egiteko tresna eskura izan ditzaten.

Gazteen kasuan, euskararen erabilera indartzeko ekimenetan beraiek eragile izatea nahi da. Horri begirako aholkularitza eskaintzen diegu Udal, ikastetxe eta Euskara Elkarteei.