SEME-ALABA EUSKALDUN ELEANIZTUNEN GURASOENTZAKO PROPOSAMENAK ETA AHOLKUAK

Ondoko bideo eta esku-orri hauek irakasleek gurasoen bileretan erabiltzeko sortu dira. Gurasoak eta irakasleak norabide berean aritzera begira lagungarriak izan daitezkeelakoan prestatu dira.
Guraso bileretan erabiltzeaz gain, beste erabilera batzuk ematea erabaki dezakete besteak beste irakasleek, guraso elkarteek edota udaletako euskara zerbitzuek.

Haurraren komunikazio beharrak asetu

Haurreskolan edo Haur Hezkuntzako lehen urtean seme-alabak dituzten gurasoei begirakoa

Gizartean bizitzeko eta, bizi ez ezik, ongi bizitzeko ere beharko du umeak hizkuntza.
Asetu ditzagun haurraren komunikazio beharrak: etxeko hizkuntzatik hasita eta inguruko beste hizkuntzekiko ateak irekiz.
Zenbat eta sendoagoa euskaraz jabetzeko prozesua, orduan eta oinarri sendoagoa ondoren etorriko diren beste hizkuntzak ikasteko.

Oparitu zenbait hizkuntza bereganatzeko aukera

Haur Hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoei begirakoa

Haurrek, sozializaziora begira, hizkuntzak behar dituzte: jolasteko, lagunak egiteko, ikasteko, eguneroko beharrak asetzeko eta abar.
Hizkuntza batean baino gehiagotan eroso eta seguru sentitzera iristea lorpen handia izango da beraientzat. Horrek abantaila sozial, laboral eta kulturalak eskainiko dizkie besteak beste.
Etxeko hizkuntza zaintzetik hasi behar dugu eta euskararen lekua bermatu behar dugu.

Eskaini euskara ingurune hurbilean

Haur Hezkuntzan seme-alabak dituzten gurasoei begirakoa

Inguru hurbilean euskararen lekua zaindu behar dugu. Jarrera egokiak eta euskara erabiltzeko aukerak eskainiz, hizkuntza bereganatzen lagundu diezaiekegu, eta euskara ere sentsazio eta bizipen positiboekin lotzen.

Eskolaz kanpo erabiltzeko aukerak eman

Haur Hezkuntzako azken urtean edo Lehen Hezkuntzako lehen zikloan seme-alabak dituzten gurasoei begirakoa

Hizkuntzak ikastea eta eleaniztunak izatea ona izango da gure seme-alabentzat. Baina haurrek hizkuntzak ondo ikas ditzaten oinarri garrantzitsuena erabilera da.
Eskolaz kanpo zenbat eta euskara gehiago hobe: hizkuntza ondo ikastera begira eta bizipenak izatera eta hizkuntzarekin gozatzera begira.

Lagunartean euskara erabil dezaten lagundu

Seme-alabak Lehen Hezkuntzako lehen edo bigarren zikloan dituzten gurasoei begirakoa

Lagundu diezaiegun gure seme-alabei hizkuntza-ohiturekin. Lagunartean eta beste hainbat harremanetan euskaraz egitea edo ez egitea ez da aukera bat, testuinguruak oso baldintzatutako jokabide bat baizik. Merezi du oinarri on bat eskaini eta laguntzeak.

Euskararekin harremana zaindu, eskaini erreferenteak

Seme-alabak Lehen Hezkuntzako bigarren edo hirugarren zikloan dituzten gurasoei begirakoa

Gure seme-alabentzat ona izango da eleaniztunak izatera iristea. Baina euskara ere hizkuntza erakargarri eta aberats moduan ikusi behar dute, eta horri begira euskarazko erreferente ugari eta anitzak izateak asko lagunduko die.

Euskararekiko harremana zaindu, euskara erakargarria izan dadila

Seme-alabak Lehen Hezkuntzako bigarren edo hirugarren zikloan dituzten gurasoei begirakoa

Gure seme-alabek euskaraz ikasten dute, baina horretaz gain euskararekin harreman indartsua eta positiboa izatea onuragarria izango da beraientzat. Horri begira euskara ere balio indartsuekin lotu dezaten lagundu behar diegu. Horrek eragina izango du beraien jarrera eta jokabideetan.

TRESNA OSAGARRIAK