Gazteen hizkuntza-ohituretan eragitera begira, eragile eraginkorrenetako bat gazteak beraiek izan daitezke. Hainbat programa eta jardueren bidez gazteengan eragiteko ahalegina egiten da, eta bide hori garrantzitsua eta beharrezkoa den arren, gazteak eragile izatea eta horretan laguntzea kontuan izan beharreko aukera bat da.

Helburuak

Euskararen erabilerarekiko gutxieneko sentsibilizazio bat duten gazteak elkartzea, soziolinguistikari buruzko oinarrizko formazio bat eskaintzea, eta eragile izan daitezen laguntzea.

Aholkularitzaren ezaugarriak

ebetetik  batzorde hauek abian jartzeko aholkularitza eskaintzen dugu.

Egitasmoa aurrera eraman nahi duten erakundeei batzordeen ezaugarriak zehazten eta eman beharreko urratsak antolatzen laguntzen diegu: herri mailako batzordea edo ikastetxe bakoitzean osatzea komeni den erabakitzen, antolaketa zehazten, deialdia prestatzen, dinamizatzailea formatzen, batzordearen formazioan, jarraipenean, eta abar.

Epe motz eta ertainerako aholkularitza da. Hau da: helburua abian jarritako proiektuak eragile diren herriko edo auzoko erakundeek bere egitea da, eta epe baten ondoren aholkularitza beharrik ez izatea edo aholkularitza hori oso puntuala izatea.

Tokian tokiko ezaugarrietara egokitzea beharrezkoa denez, gai honen inguruan interesa duten erakundeei proposamen zehatza prestatu eta aurkezten zaie: testuingurua kontuan hartzen da (bai soziolinguistikoa baina baita herriaren edo auzoaren bestelako ezaugarri batzuk ere) eta aukerak eta baliabideak ere kontuan hartzen dira.

Edukiak eta Batzordeen Ezaugarriak

ebete hizkuntza-zerbitzuetatik proposatzen ditugun Gazteen Euskara Batzordeen ezaugarriak lau  puntu hauetan laburtu daitezke:

  • Institutuetako ikasle helduenekin osatzen dira: DBH4 eta Batxilergokoak.
  • Borondatezkoa da: nahi duten ikasleek parte hartzen dute.
  • Eskola orduz kanpoko jarduera moduan har daiteke: batzordeak institutuan bildu daitezke, baina ez da klase ordurik erabiliko horretarako.
  • Dinamizatua: eragileak beraiek dira baina zeregin horretan lagunduko dien dinamizatzaile bat izango dute. Dinamizatzaile hori ez da institutuko irakasle bat izango, eta aukera ikusten bada beraientzat erreferente egokia izan daitekeen herriko gazteren bat izango da.

Modu horretan, institutuaren barruan Gazteen Euskara Batzordeak presentzia eta prestigioa izatea lortu nahi da, gazteek erreferente bat izatea eta beraiek gazteagoentzat ere erreferente izatea, eta horretaz gain herriarekin lotura egitea. Hau da: institutuko ibilbidea amaitzen dutenean ere euskararen erabileran lanean  jarraitu dezaten herriko eragileekin lotura egitea.

Gazteen Euskara Batzordeak abian jartzeko hiru urratsa hauek ematen dira:

  • Gazteak sentsibilizatzea eta batzordera gonbidatzea: batzordearen dinamizatzaile izango direnek institutuetan sentsibilizazio saioak egitea. Saio horiek erabiliko dira batzordera gazteak gonbidatzeko.
  • Oinarrizko formazioa eskaintzea: batzordean izena ematen duten gazteei soziolinguistikaren inguruan oinarrizko formazio bat egitea. Gazteek erabakiko dute zein jarduera egin, baina oinarri batzuen araberakoak izatea nahi da eta hizkuntza-ohituretan eragitera begira ondo kokatzen direnak.
  • Batzordea abian jartzea eta dinamizatzea: gazteekin antolaketa eta jarduerak adostuko dira, eta horri begira lanean jarriko dira dinamizatzailearen laguntzaz. Garrantzitsua da egin nahi duten hori gauzatzeko nahiko erraza izatea eta gazteak zeregin horretan gustua aritzea: jarduerak egitea beharrezkoa da, baina gutxienez horrek adina garrantzia du beraiek gustura aritzea, horrela ari badira ingurukoentzat eta gazteagoentzat erreferentea izango baitira.