Gurasoak irakasleen norabide berean

Nori zuzendua

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleei.

Ezaugarriak

Erakundearen antolatzailearen nahien eta aukeren arabera egokitu daiteke ikastaroa: ordu t’erdiko hitzaldi batetik hamar orduko ikastaroraino.

Ikastaroa laburra bada, ideia nagusienak lantzeko eta adibide batzuk aurkezteko erabiliko da. Ikastaroa nahiko luzea den kasuetan, mezuak eta gurasoentzako baliabideak lantzeko eta horiek ikastetxearen jardunean txertatzeko aukera emango du.

Klaustro osoarentzat ikastaro moduan eskaintzen da, hainbat eduki guztien artean lantzekoak baitira. Baina hau ere erakunde antolatzailearen nahietara edo aukeretara ere egokitu daiteke.

Ikastaroak Iñaki Eizmendik eta Itziar Larzabalek ematen dituzte.

Edukiak

Ikastetxeetan lan handia egiten da euskararen ezagutza lantzen eta erabilera sustatzen. Bide horretan euskararekiko jarrerak eta jokabideak lantzea izaten da ardatz nagusienetako bat. Ahalegin hori askoz eraginkorragoa izaten da gurasoak ikastetxearen norabide berean aritzea lortzen denean.

Ikastaro honek norabide horretan lagundu nahi du, eta, horretarako, ondorengo eduki hauek lantzen dira:

  • Elebitasunari edo eta eleaniztasunari buruz gurasoen kezkak zein diren ikustea (bai guraso erdaldunenak baita guraso euskaldunenak ere) eta kezka horiei buruz ikastetxeetatik zein mezu eman beharko liratekeen lantzea.
  • Ikastetxeak sustatzen dituen hizkuntza-jokabideak oinarri hartuz, gurasoak norabide berean aritu daitezen zein mezu eman beharko litzaizkieken lantzea.
  • Mezu horiek guztiak noiz eta nola eman beharko liratekeen zehaztea.
  • Gurasoei eskaintzen zaizkien hainbat baliabide ikuspegi horretatik aztertzea: haur elebidunen gurasoentzako gidak, jolas ikastaroak, euskarazko produktuen katalogoa, eta abar.

Ikastaro hau oso ondo uztartzen da Udaletatik bideratzen diren Familia bidezko hizkuntza-transmisio programekin. Ikastaroa lantzen den ikastetxeetan, eta aukera egokia dela ikusten bada, Udalaren transmisio planekin lotura egitea bilatzen da.